Saskibaloia

Saskibaloia
2017-03-21 16:59:10
JOKATURIKO HAMABOST PARTIDUETATIK, HAMAHIRU IRABAZI DITUZTE
Igoera lortuz borobildu nahi du denboraldia gazte mailako taldeak

Denboraldi bikaina osatzen ari da Aloña Mendiko gazte mailako taldea. Jokatu dituen hamabost partiduetatik hamahiru irabazita, Gipuzkoako parte-hartzeko ligako sailkapen buruan dira Beñat Agirrebengoaren mutilak. Asteburu honetan bi neurketa jokatuko beharko dituzte txantxikuarrek eta ondo bidean, aurrerapauso galanta eman dezakete amestutako igoera lortu ahal izateko.

 

Iazko uda sasoira begira jarriz gero, pentsaezina zirudien gazte mailako taldeak igoera lortzeko helburuagatik borrokatuko zukeenik denboraldiaren sasoi honetan. Ikasturte hasieran, kategoriako hiru jokalari soilik zeuden eta uda garaian egindako lan neketsuagatik izan ez balitz, talde honen etorkizuna oso bestelakoa izango litzateke uneotan. Zorionez baina, jokalari berriak eta gazteak (kadete mailakoak) gehitu dira proiketu berri honetara, eta guztien konpromiso eta ilusioari esker, inork gutxik espero zituen zenbakiak lortzen ari dira.

 

Jokaturiko hamabost partiduetatik hamahiru irabazita, lidertzan baitaude uneotan Beñat Agirrebengoarenak. «Talde ona daukagu baina ez genuen espero errendimendu hau» onartu zuen atzo Oñati Irratian entrenatzaileak. «Niretzat ere esperientzia berria da entrenatzaile gisa, eta egia esateko, espero genuen mailaren gainetik ari garela iruditzen zait» gaineratu zuen.

 

Asteburua, erabakiorra

Lehen ligaxkan zortzitik zortzi irabazita, bigarren ligaxka amaieran murgilduta daude uneotan oñatiarrak. Azken hilabetean bi partidu galdu dituzte. Zorionez baina, larunbatean puntu bakarragatik irabazi ostean, hautsi zuten dinamika negatiboa. «Plantilla oso motza daukagu eta bederatzi jokalariko talde bati bi jokalari kenduz gero, oso zaila da partidua irabaztea» adierazi zuten atzo taldeko ordezkariek.

 

Dena den, porrotek ikasgai bat baino gehiago utzi dituzte, eta aurrera begira, baikortasun handiz ikusten dute etorkizuna txantxikuarrek. Hiru jardunaldi soilik gelditzen dira bigarren ligaxka amaitzeko eta horietako bi, asteburuan jokatuko dituzte. Biak irabaziz gero, aurreneko postuak ziurtatuko dituzte sailkapenean eta horrek, kantxa faktorea emango lieke oñatiarrei, azken kanporaketa erabakiorretarako.

 

Oraindik, bidea luzea izango da. Lana gogor egin beharko da igoera lortu ahal izateko, baina jokalari zein teknikariak baikorrak dira. Beñat Agirrebengoa entrenatzailea, Juakim Egaña eta Pablo Zubia jokalariak, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian izan ziren atzo arratsaldean. Taldea gertutik ezagutzeko aukera izan zuten entzuleek.

 

Lehen taldea larri

Era berean, lehen taldearen egoera konplexuaren errepasoa ere egin zuten Ibai Osarekin egindako konexio batean. Jaitsiera postuetan da uneotan Aloña Mendi eta azken sei jardunaldietan erabakiko da senior mailako taldearen etorkizuna. Saioa osorik entzun nahi izatera, sakau beheko podcastean:

 

Gazte mailako taldea elkarturik, atzoko lan saioan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.