Futbola

Futbola
2017-03-16 16:24:32
PARTIDU ATARIAN EGINGO DIRA EKINTZA GUZTIAK
Iker Jausoro omenduko dute larunbatean, Elgoibar eta Aloña Mendiren arteko partiduan

Ohorezko Erregional mailako 26. jardunaldia oso berezia izango da Elgoibar eta Aloña Mendirentzat. Bi taldeak estuasunetan iristen dira larunbateko norgehiagokara eta garbi dago, Mintxetako berdegunean jokuan jarriko diren puntuak, oso garrantzitsuak izango direla bi taldeentzat. Aurkari zuzenak izanik ere, partiduaren atarian anaitu egingo dira Iker Jausoro zenaren senitartekoei eskainiko dioten omenaldi hunkigarrian.

 

Hiru aste eskaz igaro dira Iker Jausoro mendiko istripuan zendu zena eta Aloña Mendi eta Elgoibarrek, omenaldia egingo diote larunbatean Mintxetan. Ohorezko Erregional mailako 26. jardunaldian elkarren aurka jokatuko dute bi taldeek eta partidaren atarian, Aloña Mendiko jokalari ohi eta Elgoibarreko futbol eskolako entrenatzaile zenaren sendiak ondo merezitako errekonozimendua jasoko du.

 

Jausorok ibilbide bikaina egin zuen Aloña Mendiko futbolari gisa eta azken urteetan Elgoibarren bizi zela aprobetxatuz, talde txuri-gorriko harrobiarekin ere lanean hasita zegoen. Bi taldeak elkarren aurka jokatuko dutela aprobetxatuz, klubetako zuzendaritzen ekimenez, omenaldi xume bat egingo zaio sendiari, partidua hasi aurreko minutuetan.

 

Etxeko taldeak lora sorta bat eta kamiseta bat oparituko dio Olatz Arriola alargunari. Aloñak ordea, Ikerren ama eta anaiari emango dio lora sorta, kamiseta eta egunerako propio prestaturiko oroigarri berezi bat. 16:25 aldera hasiko da omenaldia.

 

Final kutsua duen lehia

Kirol arlora bueltatuz, Elgoibar eta Aloñaren arteko partiduak final kutsua izango duela esan daiteke. Bereziki talde oñatiarrarentzat. Txantxikuarren sailkapeneko egoera nahiko kezkagarria da uneotan. 25 jardunalditan 21 puntu pilatuta, azken aurreko postuan dago taldea eta jaitsiera sahiesten duen hamalaugarren postua, lau puntutara dauka uneotan.

 

Elgoibarren egoera zertxobait hobea da. 13. postuan baitago 28 punturekin. Hala ere, porrot hipotetiko batek, jaitsiera postuetara hurbilduko luke berriz ere . Lehen itzulian, Azkoagainen jokatu zen partiduan, Aloñak 0-2 galdu zuen eta kasu honetan, averagea errekuperatzea ez da batere erraza izango.

 

Liga amaitzeko bederatzi partidu soilik gelditzen direla kontutan hartuta, garbi dago larunbateko lehia erabakiorra izan daitekeela bi taldeentzat.

Jausoro lurrean eserita, eskuineko lehena, Herizeko partidu historikoan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.