Eskubaloia

Eskubaloia
2017-02-13 15:59:06
EUSKAL FEDERAZIKO PRESIDENTE POSTUAN BERRETSI DUTE
Jose Manuel Ruiz de Cenzano: «Harmailetan ikusten diren jarrera desegokiak zigortu egingo ditugu aurrerantzean»

Azken lau urteetan Euskadiko Eskubaloi federazioko buru izan ostean, karguan berritsi dute Jose Manuel Ruiz de Cenzano oñatiarra. Hauteskundeak nagusitasunez irabazi ostean -%80ko babesarekin-, ilusioz eta gogotsu ekingo dio bere esanetan, presidente gisa egingo duen azken legealdiari. Datozen urteetarako dituen asmoetaz hitz egin du berriki, Oñati Irratiko kirolen txokoan.

 

Jose Manuel Ruiz de Cenzano oñatiarra buru duen lan-taldeak, Euskal eskubaloia ondo mimatu duela ondorioztatu daiteke. Duela lau urte lurraldeko ordezkari gehienek, babesa eskaini zioten bere programari eta orduko zenbakiak hobetuta, boto-emaileen %80ko konfidantza jasota, berretsi du bere kargua. «Oso pozgarria da horrelako babesa dugula ikustea. Gehiago esango dizut, duela lau urte gure aldeko botoa eman ez zuten bat baino gehiagok, eskaini digute orain euren konfidantza» esan zuen pasaden astean Oñati Irratian. Lana ondo egin dutenaren adierazle dira datuok, zalantza hizpirik gabe.

 

Hala ere, hobetu beharreko hainbat atal ikusten ditu oñatiarrak: «Aurreko legealdiko programa %80-85ean bete dugula esango nuke eta datozen lau urteetan, falta zaiguna osatu, eta proiektu berriak jarri nahi ditugu martxan» gaineratu zuen.

 

Anbizio handiko proiektua

Ruiz de Cenzanoren esanetan «anbizio handiko proiektua» aurkeztu dute datozen lau urteetarako. Lan-talde indartsua osatu nahi du eta gauzak ondo joan daitezen, «lurralde guztiak eskutik» joatearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. «Euskal eskubaloiak osasun oso ona dauka, baina hobetzea da helburua» dio.

 

Hobetu beharreko atalei buruz galdetuta, oso garbi dauka presidenteak. «Epaile eta entrenatzaileen formakuntzan ahalegin berezia egin nahi dugu». Era berean emakumezkoekin daukaten arazoa ere, azaleratu zuen. «Asko kezkatzen gaituen gaia da. Adin txikietan emakumezko asko ditugu, baina aurrera egin ahala alde egiten dute. Eta batez ere, epaileetan nabaria da emakumezkoetan daukagun hutsunea» zioen. Hala ere, arazo hau, orokorrean ematen den problema omen da.

 

Heziketa eskola kirolean

Legealdi honetako beste puntu garrantzitsu bat, jokalari, eta batez ere, zaleen heziketa lantzea izango da. «Jarrera lotsagarriak ikusten ditugu sarritan harmailetan, eta hori errotik moztu nahi dugu». Bereziki adin txikietan jolasten duten jokalarien gurasoekin emanten dira egoera gehientsuenak.

 

Horretarako lege bat jarriko dute martxan agintaldi honetan: «Bizkaiako federazioak txosten bikaina garatu du gai honetan, eta guk geuk ere, beste federazioekin batera, lege berri hau aplikatzearen alde azaldu gara» esan zuen.

 

Komunikazioa

Ruiz de Cenzanok emandako elkarrizketa oso mamitsua izan zen. Erantzun bakoitzean uzten baitzuen titularren bat presidenteak. Komunikazioan, web orriarekin, eta bereziki sare sozialekin, «ahalegin berezi bat» egingo dutela dio eta besteak beste, Euskal Selekzioak indartzearen nahiaz ere mintzatu zen.

 

Elkarrizketako azken minutuetan, Oñatiko eskubaloiaren egoera aztertu zuen txantxikuarrak. «Urtetan lan bikaina egin da eta momentu oso onean daudela esango nuke». Elkarrizketa osoa, beheko podcastean entzun dezakezue:

 

Ruiz de Cenzano, Oñati Irratiko estudioetan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.