Atletismoa

Atletismoa
2016-11-29 16:20:18
SEIGARRENEZ IRABAZI ZUEN LARUNBATEAN, AZKOITIKO HERRI LASTERKETA
Yeray Varela, errekorren gizona

Yeray Varelak lasterketa berri bat irabazi du asteburuan. Oñatiarrak ez zuen areriorik izan larunbatean Azkoitiko XII. Herri Lasterketan eta seigarrenez, probako atletarik azkarrena izan zen. Azkoitin ez ezik, Arrasate-Oñatin, edota San Silbestrean ere, garaipen sorta ikusgarria dauka Varelaren palmaresak. Marka hauei esker, errekor gizona bilakatzen ari da Aloña Mendiko korrikalaria.

 

2012az geroztik, Azkoitiko XII. Herri Lasterketak garaile berbera dauka. Yeray Varelak proba honen azken bost ekitaldiak irabazi ditu eta 2010ean lorturiko aurreneko txapela kontutan hartuta, lasterketa honen historiako hamabi txapeletatik sei eskuratu ditu. Larunbatean iritsi zen azkena. Varelak nagusitasun osoz eraman zuen lasterketa. Irteeratik erritmo bizia ezarri nahi izan zuen eta kilometro guztiak lasterketa buruan egin zituen Aloña Mendiko korrikalariak. 10 kilometroak 31:30 amaitu zituen eta minutu eta hamabost segundu sartu zizkion helmugan Ander Okamika bigarren sailkatuari.

 

Emakumezkoen artean, Uxoa Irigoien getariarra izan zen azkarrena (38:25). Lurdes Oiartzabal (39:00) eta Eguzkiñe Zabaleta (40:28) izan ziren bigarren eta hirugarrenak eta laugarren postua Ihanire Urteagarentzat (40:49) izan zen. Txantxikuarrak lasterketa bikaina osatu zuen eta 21 segundu soilik falta izan zitzaizkion podiumeko postuetara iristeko.

 

Sekulako palmaresa

Varelaren lorpenetara itzuliz, Azkoitiko sei garaipen hauek beste bi lasterketetan dituen zenbaki ikusgarriei batu behar zaizkie. Arrasate-Oñati proba mitikoan esaterako lau garaipen pilatu ditu (2006, 2011, 2013 eta 2016) eta bere markarik esanguratsuena urte amaierako San Silbestrean lortu du. Izan ere, azken lau urteetan egun berean jokatzen diren Azpeiti eta Oñatiko lau lasterketak irabazi ditu.

 

Varelak Oñati Irratian hitz egin du gaur goizean eta larunbateko garaipenaz gain, aipatu berri dugun palmaresaz aritu da. Era berean, denboraldi honetarako dituen helburuetaz ere mintzatu da Oñatiko korrikalaria. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

 

 

Oñatiarrak Donostiako maratoian

Azkoitiko lasterketaz gain, igande goizean Donostiako maratoia ere jokatu zen. Aurtengoan 22 oñatiarrek amaitu dute lasterketa. Hona hemen denborak: Asier Aranguren (2:51:11), Imanol Molinero (2:53:13), Beñat Madariaga (2:55:58), Aitzol Guridi (2:59:16), Axier Larral (3:06:02), Jose Antonio Erostarbe (3:15:18), Ernesto Agirre (3:18:09), Ander Gorostiaga (3:18:09), Iñigo Zabaleta (3:18:11), Iban Guridi (3:22:06), Asier Murguzur (3:24:33), Luis Urigoien (3:25:23), Ander Zabarte (3:28:24), Arkaitz Sasiain (3:30:33), Igor Korkostegi (3:38:08), Ismael Malbadi (3:39:03), Borja Moiua (3:55:53), Nekane Maiztegi (4:13:18), Felix Sancho (4:13:18), Miren Galdos (4:17:43), Ignacio Bolivar (4:17:44) eta German Aginagalde (4:39:35).

 

Varelak seigarrenez irabazi du Azkoitiko Herri Lasterketa. Argazkia: www.maxixatzen.eus

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.