Futbola

Futbola
2016-11-25 12:48:35
AURKARI ZUZEN BAT (OSTADAR), ETORRIKO DA IGANDEAN OÑATIRA
Azkoagain gotorleku bihurtu, behingoz aireratzen hasteko

Ohorezko Erregional mailako taldeak partida oso garrantzitsua jokatuko du igandean (16:30) Azkoagainen. Pasaden asteko garaipenak arnasa eman dio Urzelairen taldeari baina oraindik, jaitsiera postuetan dira oñatiarrak. Asteburuko aurkariak, Ostadarrek, Aloñak baino puntu bat gehiago dauka sailkapenean. Azkoagaineko denboraldiko lehen garaipena beraz, aireratzen hasteko une egokia izan liteke.

 

Etxetik kanpora lortzen diren garaipenek beti ematen dute konfidantza. Eta horixe izan da hain zuzen ere, Gotzon Urzelairen taldeari denboraldi honetan falta izan zaiona. Jokalariak lan oso ona egiten ari dira astean zehar baina momentuz, horrek ez du jarraipenik izan asteburuetako partiduetan. Hamaika jardunalditan, zazpi puntu baino ez ditu batu taldeak eta momentuz, sailkapeneko azken aurreko postuan aurkitzen dira. Horren harira, adierazpen oso esanguratsuak egin dizkigu asteon entrenatzaile oñatiarrak: «UVI-an egotetik, lehen solairura igo gara Hondarribiko garaipenaren ostean. Baina egoera hau hobetu beharra daukagu» onartu digu.

 

Pasaden asteko garaipenetik, irakurketa bikoitza egin daiteke. Etxetik kanporako bigarren garaipena izateaz gain, taldeak bigarrengoz lortu baitzuen atea hutsean mantentzea -aurrenekoa, Mondraren aurkako derbian izan zen- eta hori, albiste zoragarria da. Hala ere, igandean garaipena lortzea oso garrantzitsua izango da Hondarribian lorturiko puntuei segida emateko: «Baikorrak gara. Taldea ondo dago eta etxeko zaleei denboraldiko lehen poztasuna emateko ordua iritsi zaigu» esan digu Urzelaik.

 

Aurkari zuzena

Ostadarren ibilia Aloñaren antzerakoa izan da orain arte. Hamaika jardunalditan zortzi puntu baino ez baititu eskuratu. Hala ere, oñatiarrek ez dute konfidantzarik nahi. «Duela 15 egun, Lesakan irabazi ostean, egoera berean geunden eta Elgoibarren aurka huts egin genuen. Esperientzia horrek oso adi egotea behartzen gaitu» gaineratu du entrenatzaileak.

 

Urzelairen ustez, «aurkaria eta sailkapeneko egoera alde batetara utzi, eta guk, gure lanean soilik zentratu behar dugu». Aurkariari buruz galdetuta baina, talde gogorra dela esan digu. «Aurten ikusi dudanagatik, talde gogorra dira eta joko ona egiten dakitena gainera. Ez dute puntu askorik pilatu baina iaz adibidez, 1-3 irabazi ziguten Azkoagainen eta horrek garbi uzten du partidaren zailtasun maila handia izango dela» zioen.

 

Helburuak finkatzen

Denboraldi hasiera kaxkarrak, erabat baldintzatuko du Aloñaren aurtengo ikasturtea. Hori oso garbi dute guztiek baina egoera zail hauetatik ere, ikasgai asko atera daitezkela diote. Horregatik, maila mantentzea izango da aurreneko premia nagusia eta bide horretan, lehen itzulia amaitu aurreko sei partiduak oso garrantzitsuak izango dira. Eta bidea zuzentzeko lehen aukera, igandean iritsiko zaio talde txantxikuarrari.

 

Bestelakoan, igandeko partidari begira bi zalantza izango ditu Urzelaik. Unai Gil eta Julen Palacios arazo muskularrekin daude eta gaurko lan saioan erabakiko da deialdian sartzeko moduan dauden edo ez. Partida garrantzitsu honen aurrean, konfidantza izan dezaten eskatu nahi die jokalariei Urzelaik: «Ez gara inor baino gutxiago eta lana ondo egiten ari gara. Soilik bi detaile txiki hobetu behar ditugu: baloia hanketan daukagunean, martxa bat jaitsi behar dugu, eta aurkariak daukanean igo». Hori lortzen bada, taldeak etxeko lehen hiru puntuak eskuratzeko aukera asko izango ditu igandean.

Igandeko hiru puntuak oso garrantzitsuak izango dira.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.