Txirrindularitza

Txirrindularitza
2016-10-19 12:55:16
BERE KIROL IBILBIDE LUZEA SARITU DUTE GALA PEDALEO EKIMENEAN
Cayetano Perez, zikloturista eredugarria

Txirrindularitza munduko "Gala Pedaleo" izeneko ekimenak, Cayetano Perez oñatiarra saritu du. Zikloturista txantxikuarrak, ia lau hamarkada daramatza bizikleta gainean eta urteotan egindako ibilbide bikainaren errekonozimendua jaso zuen pasaden larunbatean.

 

Txirrindularitzako balioak errekonozitzen dituen "Gala Pedaleo" izeneko ekimenak, hirugarren ekitaldia ospatu zuen larunbatean Benaventen (Zamora). Era batera edo bestera, kirol honi ekarpena egiten dioten norbanakoak saritzen dira bertan eta aurtengo ekitaldian, txantxikuar batek ondo merezitako errekonozimendua jaso zuen.

 

Banatu ziren sari ezberdinen artean, antolakuntzak Cayetano Perez zikloturista oñatiarraren ibilbidea saritu baitzuen. Perezek 63 urte ditu gaur egun eta 25 urte zituenetik, bizikleta gainetik jaitsi gabe ibili da. 38 urteko ibilbide luze honetan beraz, makina bat kilometro eta martxa egin ditu eta kirol honen alde eginiko ahalegin hori, saritu nahi izan zioten Benaventeko ekitaldi jendetsuan.

 

Zikloturista eredugarria

Txirrindularitza federatuan inoiz aritu gabea da Perez. 25 bat urterekin hasi zen errepideko bizikleta gainean eta ordutik gelditu gabe ibili da. «Betidanik gustatu izan zait kirol hau eta osasuna lagun, asko gozatu dut beti bizikleta gainean. Urte guztian ibiltzen naiz. Neguan eta udan». Era berean, jasotako errekonozimendua «oso berezia» izan dela onartu digu Perezek: «Urte asko dira bizikleta gainean eta era honetako sari bat jasotzea beti da pozgarria».

 

Lau hamarkadarako bide luze honetan, kontaezinak dira oñatiarrak egin dituen kilometroak. Hala ere, Perezek gutxi gora-beherako zenbakiak ondo gordeta ditu. «Urtean 15 eta 20 mila bat kilometro egiten ditut. Hilean milatik gora» adierazi digu. 

 

24 Quebrantahuesos

Larunbatekoa ez da Perezek jasotzen duen aurreneko errekonozimendua. Quebrantahuesoseko antolakuntzak ere, proba honekiko izan duen fideltasuna saritu baitzion duela urte batzuk. Cayetanok 24 alditan burutu du estatuan dagoen zikloturista probarik ezagunena. 2010 eta 2013 izan ezik -min hartuta zegoen-, beste urte guztietan amaitu baitu aurrez aipaturiko bizikleta martxa.

 

Beste kirol batzuetan gertatu den gisara, zikloturismoan ere lehiaketa kutsua gailentzen hasi den honetan, eredugarriak dira benetan Cayetano Perezen moduko kasuak. Zorionak eta segi bizikleta gainean gozatzen!

Cayetano Perez, saria jasotzen. Argazkia: Mabi Fernendez (www.pedaleo.com)

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.