Txirrindularitza

Txirrindularitza
2016-07-19 11:29:39
GONZALO ANDRES, ESPAINIAKO SUB23 ZIKLISTA ONENA IZAN ZEN 2014AN
Espainiako txapeldun bat garaile, Kantoikrit kriteriumean

Gijongo Gonzalo Andresek eraman zuen larunbatean, Kantoikrit kriteriumaren bostgarren ekitaldia. Asturiaseko txirrindulariak ez zuen aurkaririk izan eta bere herrikide Luis Junqueraren batera, lasterketa kontrolpean izan zuen uneoro. Andres afizionatu mailako txirrindularia da eta duela bi urte, Espainiako txapeldun izan zen 23 urtez azpikoen artean. Aurten, profesional mailako Asturiaseko itzulian lehiatzeko aukera izan du.

 

Ikuskizun paregabea eskaini zuen beste urtebetez, Kantoikrit pinoi finkodun bizikleten kriteriumak. Dagoeneko bost urte daramatza lasterketak herriko kirol egutegian, eta opor aurretiko sasoi honetan, erabat egonkortutako ekitaldia da. Larunbatean gainera, azken bi urteetan ez bezala, giroak asko lagundu zuen eta Oñatiko kaleetan goi mailako lasterketa ikusi zen. Bereziki aurreko postuetan ibili zirenen artean.

 

Euskal Herriko ziklistak ez ezik, estatuko puntu ezberdinetatik eta beste herrialde batzuetatik (Frantzia, Brasil...) etorritako 42 txirrindularik osatu zuten irteera lerroa. Gonzalo Andres eta Luis Junquera asturiarrak lehen itzulitik nabarmendu ziren eta uneoro, kontrolpean eraman zuten lasterketa. Beste txirrindulari gehientsuenek helburu bakarra izan zuten: buruan zihoazenek ez harrapatzea.

 

Baina asturiarrek beste erritmo bat zuten hanketan eta itzuliz itzuli, 33 ziklista irentsi zituzten guztiak lasterketatik kanporatuz. Hori horrela, elkarrekin iritsi ziren plazako helmugara eta Junquerak, kirol legez, garaipena eskaini zion Andres taldekideari.

 

Andres, Espainiako txapeldun ohia

Aurtengo irabazlea ez da nolanahiko txirrindularia. Fixed lasterketaren bat edo beste egin izan ditu, baina asturiarra, afizionatu mailako Baqué Campos taldeko ziklista da. Duela bi urte esaterako, Espainiako txapeldun izan zen 23 urtez azpikoen artean eta adituen esanetan, azken urteetan amateur mailak eman duen ziklista garrantzitsuenetariko bat izan da. Hala ere, elite mailara igo denetik bere eboluzioa ez da horren esanguratsua izan eta duela bi urteko etorkizuna ikusten ez bazaio ere, oraindik zeresana ematen ari da afizionatu mailan. Aurten adibidez, profesional mailako Asturiaseko itzulian lehiatzeko aukera izan zuen Espainiako selekzioarekin eta besteak beste, kantabriako Valdaliga izeneko sari nagusia ere irabazi zuen maiatzean.

 

Gonzalo Andresen kasuak, agerian uzten du gaur egun amateur mailako ziklismoak bizi duen une gogorra. Afizionatuetan gauza oso onak egin baditu ere, aurtengoa ziklista bezala egiten duen bere azken urtea izan daitekeela onartu baitzigun Gijongo txirrindulariak. Betiere, profesional mailako talde baten eskaintza jasotzen ez badu, noski.

 

Baque taldeak ez dio galarazten era honetako Fixed lasterketetan parte hartzea, baina asturiarrak onartu zigunez, grazia handiegirik ez die egiten. Hala ere, Andresek beste modalitate batzuk probatu nahi ditu, errepide gainean, ziklista bezala bere etorkizuna ez baita batere erraza izango.

 

Larunbatean garaipena lortuta baina, pozik zegoen eta gure galderak erantzun ahalaz bat, segituan joan zen hotelera, atseden hartzera. Izan ere, igande goizean afizionatu mailako Beasaineko Loinaz sarian parte hartu behar baitzuen.

 

Hemen bere adierazpenak:

 

 

Arkauz herritar onena

Irteera hartu zuten 42 ziklisten artean, 4 oñatiarrak izan ziren. Guztira, bederatzi txirrindularik soilik amaitu zuten larunbateko lasteketa eta muga-mugan ibili zena, Iker Arkauz izan zen. Azken itzulietan lasterketa irekitzen zuen motorretik ihesi ikusi genuen baina etxeko zaleen babesari esker, proba amaitzea lortu zuen.

 

Helmugara azken postuan iritsi bazen ere, proba amaitzea lortu zuten aukeratuen artean gelditu zen Arkauz eta lasterketa amaieran gustora zegoen Oñatiko txirrindularia. Hemen dituzue bere esanak:

 

Andres irabazlea eta Junquera taldekidea, lasterketa buruan. Argazkia: www.aritzgordo.com

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.