Mendia

Mendia
2016-07-11 16:47:09
IOKIN GARAI BIGARREN G2H-N ETA AITOR OTAMENDI BOSTGARREN EHUNMILETAN
Maila onean ibili dira Ehunmilak asteburuan lehiatu diren oñatiarrak

Balantze positiboarekin itxi zen atzo arratsaldean Beasainen, Ehunmilak izeneko mendiaren festa jendetsua. Hiru egunez, mendia maite duten kirolari eta zaletuz bete dira Beasain eta inguruko parajeak eta lehiatu diren hiru lasterketetan, Oñatiko ordezkaritza zabala izan dugu. Emaitzarik aipagarrienak Iokin Garai eta Aitor Otamendik lortu dituzte. Lehenak bigarren postua eskuratu zuen G2H proban, eta Otamendi, bostgarren helmugaratu zen Ehunmilak proba luzean.

 

Atzo eman zitzaion itxiera, ostiral arratsaldean martxan jarri zen Ehunmilak izeneko zazpigarren mendi jaialdiari. Hiru eguneko festan, mendi lasterketak eta bereziki beroa izan dira protagonista eta baldintza gogor horiei aurre eginez, inoizko korrikalari kopuru handiena batu du aurtengoak. Hiru lasterketak elkartuta, 974 lasterkari irten ziren Beasaingo Loinazko San Martin plazatik, eta horietatik 705 korrikalarik lortu dute helmugara iristea.

 

Abiatzen lehenak, Ehunmilak lasterketa luzeko (168 kilometro) heroiak izan ziren. 331 abiatu ziren ostiralean 18:00ean Beasainetik eta helmugara 187 soilik iritsi ziren. Garaileak Javi Dominguez  (23:22:17) eta Silvia Trigueros (29:45:08) izan ziren. Lasterketa honetan aipagarria izan zen Aitor Otamendi oñatiarrak eginda lan bikaina. Txantxikuarrak bostgarren postuan amaitu zuen proba 25:32:35 denborarekin. Hemen kontsultatu ditzakezue Ehunmilak-eko emaitza ofizialak.

 

Ostiral gauean (23:00) abiatu zirenak, G2H lasterketako korrikalariak izan ziren. Kasu honetan, 88 kilometroko zirkuitu gogorra osatu behar izan zuten lehiakideek eta abiatu ziren 437 korrikalarietatik, 337k lortu zuten helmugara heltzea. Horietatik zortzi oñatiarrak izan ziren. Garaipena Daniel Agirre (10:09:47) eta Leire Martinezentzat (12:53:23) izan zen. Gureen artean onena, Iokin Garai izan zen beste behin. Txantxikuarrak ezin izan zuen iazko garaipena berretsi, baina bigarren postuan iritsi zen Beasainen kokaturiko helmugara 11:02:35 kronoa osatuz. Aipagarria lasterketa honetan Xabi Letek lorturiko hamargarren postua (12:09:52). Hemen beste oñatiarren emaitza ofizialak.

 

Hirugarren eta azken lasterketa, atzo goizean abiatu zen Marimurumendi maratoia izan zen. 206 korrikalari atera ziren proba honen lehen ekitaldian eta helmugara iritsi zirenak, 181 izan ziren. Garaileak Aritz Egea (3:31:30) eta Andrea Garay (4:40:30) izan ziren eta oñatiarren artean onena, Maite Zabaleta izan zen. Zabaletak 38. postuan amaitu zuen proba 4:56:26 denborarekin. Beste lau oñatiar ere iritsi ziren helmugara Marimurumendi maratoian. Hemen txantxikuarren emaitza ofizialak.

 

Beñat Madariaga bigarren Pirineosfit-en

Ehunmilak jaialdi entzutetsuaz gain, asteburuan bada podiumera igo den beste herritarrik. Beñat Madariaga mendi korrikalaria Pirinioetan jokatu den Pirineosfit izeneko festibalean lehiatu da eta lasterketak eskaintzen zituen modalitate ezberdinetan, egun bakarreko maratoi erdia egin zutenen artean bigarren atleta azkarrena izan zen txantxikuarra.

 

Sei egunetan (egunero), hiru egunetan (egunero) eta egun bakarrean maratoia edo maratoi erdia egiteko aukera eskaintzen zuen festibalak eta oñatiarrak egun bakarreko maratoi erdiaren aldeko aukera egin zuen. Lasterketako momentu askotan bigarren postuan joan zen baina azken jaitsieran beste hiru korrikalarik aurrea hartu zioten Madariagari. Azkenean bostgarrena izan zen probako sailkapen orokorrean, baina lasterketa hori soilik egin zutenen artean, azpitxapeldunaren saria eskuratu zuen.

Iokin Garai emaztea alboan duela, helmuga zeharkatzen. Argazkiak: Goierriko Hitza.

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.