Pilota

Pilota
2016-05-29 18:23:47
4-2 MENDERATU DUTE TOLOSA FINAL ZORTZIRENETAN
Oñati final laurdenetara!

Aloña Mendiko pilota saila azken hamarkadetako momenturik onenean da. Inoiz baino pilotari gehiago ari dira astero klubeko koloreak defendatzen eta hori gutxi balitz, lortzen ari diren emaitzak ere, aipagarriak izaten ari dira. Herrien Arteko txapelketan esaterako, final hamaseirenak gainditzea sekulakoa izan bazen, konturatu orduko, final zortzirenak ere gainditu ditu Oñatik. 2-1 menderatu zuten berriz ere Tolosa ostiralean eta dagoeneko, final laurdenetan dira txantxikuarrak.

 

Inguruko baikorrenak ere ez zuen errendimendu hau aurreikusiko. Oñatiko pilotariak pronostiko guztiak hausten ari dira eta final hamaseirenetan Zumarraga menderatu ostean, final zortzirenetan Tolosa kanporatu dute. Ostiral iluntzean jokatu ziren itzulerako partiduak eta Beotibarren lorturiko 2-1 aldeko emaitza errepikatuz, 4-2 emaitzarekin sailkatu dira final laurdenetarako.

 

Kadete mailako partiduan, Iñigo Perez eta Markel Gartziak joaneko emaitza errepikatu zuten. Oñatiarrak 22-18 irabazi zuten neurketa. Gazteetan Ander Biain eta Aitor Otamendik ere lehia bikaina jokatu zuten eta 22-16 menperatu zituzten Tolosarrak. Sailkapena lortuta, bi bikoteen arteko ohorea baino ez zen jokatu senior mailako partiduan. Eta pasaden astean bezalaxe, ostiralean ere, Tolosarrak Sergio Uriarte eta Andoni Azkarate baino hobeak izan ziren (22-10). Aipatzekoa, Zubikoako harmailetan bildu zen jendetzaren babesa. Pilotariek asko eskertu zuten zaletuen berotasuna.

 

Astigarraga hurrengo aurkaria

Lehen bi kanporaketak gaindituta, final laurdenetara begira daude dagoeneko Oñatiarrak. Orain arte egindakoa zoragarria izan da baina Oñatik, bere horretan jarraitu nahi du. Pilotarekiko ilusioa berreskuratu da herrian -Zubikoako harmaila ikusi besterik-, eta pilotari lehiakorrak dituela ikusirik, amesten jarraitu nahi dute Osaren mutilek. Final laurdenetako aurkaria Astigarraga izango da.

 

Herriarteko txapelketan ari diren pilotari eta teknikariak, Oñati Irratiko kirol tarte nagusian izango dira bihar arratsaldeko 19:00etan hasiko den irratsaioan.

 

Oñatiko sei pilotariak eta Josu Osa prestatzailea. Argazkia: Pilota saila.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.