Futbola

Futbola
2016-05-29 17:16:45
KIROL KOORDINATZAILE LANAK HARTUKO DITU AURRERANTZEAN
Endika Ruiz: «Aloña oso barruan eraman dut eta hori transmititzen saiatu naiz beti»

Pasaden igandean agurtu zen betirako Endika Ruiz (Oñati, 1990) futbolari gisa. Zazpi urtez lehen taldeko elastikoa defendatzen ibili ostean, Mutrikuren aurkako norgehiagokan amaitu zen bere kirol ibilbidea. Aldagela barruan eta kanpoan erreferente izan da azken urteetan eta gertukoenek adierazi digutenez, «hutsune handia» utziko du kapitainak Ohorezko Erregional mailako aldagela barruan. Hala ere, Ruiz ez da urrutira joango. Ostegunean Oñati Irratian jakinarazi zuenez, futbol saileko kirol koordinatzaile berria izango baita aurrerantzean, Julen Barrenarekin batera.

 

Ohorezko Erregional mailako taldeak hutsune garrantzitsua izango du datorren denboraldian. Endika Ruiz kapitainak futbola uzteko erabakia hartu baitu. Pasaden igandean agurtu zen Ruiz eta astebete pasata, futbolari gisa egin zituen azken minutuak «emozioz» oroitzen zituela jakinarazi zuen ostegunean Oñati Irratian.

 

Endika futbol jokalari bat baino gehiago izan da azken urteetan Aloña Mendirentzat. Klubaren baloreak inork baino hobeto barneratu ditu eta taldekide zein harrobiko jokalarientzako, eredu izan da. Dohain handirik gabeko jokalaria baina errespetuan, eta batez ere, asteko lanean oinarritu du Ruizek bere ibilbidea: «Ez dut uste ezertan nabarmendu naizenik, baina asteko lanean sinestu dut beti. Eta azken urteetan horrenbeste jokatu badut, hein handi batean izan dudan perseberantziagatik izan da». Harrobiko taldeetan jokatu ez zituen minutuak, lehen taldean jokatu ditu merezimendu osoz Ruizek. Kapitain eta lehen taldeko jokalari garrantzitsu gisa zintzilikatuko du beraz, elastiko gorria betirako.

 

Denboraldiaren balantzea

Liga amaituta, denboraldiaren balantze positiboa egin zuen Ruizek ostegunean Oñati Irratian. «Oso urte polita izan da. Talde lehiakorra izan gara eta Oñatiko jokalariekin, kategorian gauzak oso ondo egin daitezkeela erakutsi dugu beste behin». Iaztik taldeak izan duen eboluzio positiboa talde teknikoan egon dela adierazi zuen kapitainak: «Iaz urte zaila izan zen guztiontzat. Entrenatzaile eta talde tekniko berria genuen eta emaitzak ateratzea asko kostatu zitzaigun. Aurten ordea, Aritz, Xabi eta Iñigo talde teknikoan sartu izana, oso garrantzitsua izan da guztiontzat. Jokalari eta teknikoen kohesioa bikaina izan da eta hori berdegunean islatuta gelditu da» onartu zuen.

 

Bestelakoan, Aloña Mendin eman dituen urte guztiotan asko ikasi duela adierazi zuen Ruizek: «Entrenatzaile eta taldekide guztiengatik ikasi dut zerbait eta orokorrean oso maitatua sentitu naiz. Aloña eta bere baloreak asko bizi izan ditut eta hori transmititzen saiatu naiz beti» zioen.

 

Kirol koordinatzaile izango da

Botak zintzilikatuko dituen arren, klubak emandako guztia itzuli nahi dio aurrerantzean Endikak Aloñari. Entrenatzaile izateko ikasketak burutzen ari da eta ostegunean jakinarazi zuenez, datorren denboralditik aurrera, saileko kirol koordinazioa eramango du Julen Barrenarekin batera: «Aitor Orueta joan zenetik hutsunea somatu dugu alderdi horretan eta klubak eman digun guztia bueltatzeko ordua dela iruditzen zaigu» zioen.

 

Kapitaina eskertuta dihoa. Eta urteotan egindakoa bueltatu nahian, klubak merezitako ardura emango dio Endikari. Besokoa utziko badu ere, bere ilusioa eta bihotzak lanean jarraituko dute Aloñaren balioak herriko gaztetxoei zabaltzeko.

 

Hemen daukazue osteguneko elkarrizketa guztia entzungai:

 

Endika Ruiz bere ibilbideko azken partiduan. Argazkia: Antxon Garmendia.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.