Mendia

Mendia
2016-05-25 07:59:53
HIPOTERMIAK JOTA, ZEGAMA-AIZKORRI MARATOIA UTZI BEHAR IZAN ZUEN
Axier Alonso: «Nire bizitzako momenturik gogorrena izan da»

Aurtengo Zegama Aizkorri mendi maratoia, azken urteetako gogorrena izan da. Haizea, hotza, txingorra, elur-bustia...jasan behar izan zuten korrikalariek ibilbidean zehar eta horren ondorioz, lehiakide asko eta asko (%26a), erretiratu egin ziren. Axier Alonso oñatiarra, esaterako. Hipotermiak jota momentu oso gogorrak bizi izan zituen Alonsok ibilbidean zehar eta bere bizitzako «momenturik gogorrena» igaro zuela adierazi zuen atzo, Oñati Irratian eskaini zuen elkarrizketa batean.

 

Igandean hartu zituen kolpeetatik erabat errekuperatu gabe baina irrifarrea eta mendira bueltatzeko ilusioa gorenean zituela pasatu zen atzo eguerdian Axier Alonso mendi lasterkaria, Oñati Irratiko estudioetatik. Txantxikuarrak mimo handiz prestatu zuen aurtengo Zegama Aizkorri mendi maratoia eta hipotermia batek, bere ilusio eta helburu guztiak hankaz gora jarri zituen. «Oso gustora ibili naiz azken asteetan eta igandean ere, sentsazio ezin hobeak nituen pasa zena pasa arte. Iaz egindako denbora (4:34:30) hobetzea zen asmoa eta Aizkorrira iritsi arte, pasaden urteko denborak hobetzen nindoan» zioen.

 

Irteeran 16 gradurekin abiatu ziren Zegamatik korrikalariak eta tenperatura epel hori ikusita, inork gutxik espero zezakeen gerora eman zen aldaketarik. Aizkorri inguruetan bizi izan zuten egoera ikaragarria izan zen. «Aratz jeisten nindoala sekulako zaparrada hasi zen eta hasiera batean ez nion garrantzia handirik eman nahi izan, mendian sarritan igaro izan ditut eta, horrelakoak» zioen Alonsok. Hala ere zaparrada horrek, tenperatura aldaketa itzela ekarri zuen. Haize hotza, txingorra eta momentu batzuetan elur-bustia ere jasan behar izan zuten korrikalariek. Eta hor etorri zen Alonsoren gainbehera.

 

Hiportemiak jota

Aizkorriko tontorra igaro ostean antzeman zuen lehen txakalaldia Alonsok: «Kresterioan sartu ahalaz bat konturatu nintzen ez nindoala ondo. Sekulako hotza neukan. Pentsa, gainean neraman euritakoa lotzeko gai ere ez nintzan izan» zioen. Oñatiarraren helburu bakarra ez gelditzea zen. «Dardarka eta kasu batzuetan, bista galtzen ere hasita nengoen. Baina garbi neukan ezin nintzela gelditu. Bidetan beste korrikalari bat lurrean botata -hipotermiak jota- ikusi nuen eta laguntzen saiatu nintzen arren, nahikoa lan neukan nire burua kontrolatzen».

 

Alonsoren egoera fisikoa gainbehera etorri zen eta Irauletik Arbelarrerako bidean, Iokin Garai herritarraren laguntzari esker irten zen amildegi ilun horretatik: «Azken kilometroak oso gogorrak izan ziren. Zutik mantentzea ere kosta egiten zitzaidan eta eskerrak momentu batzuetan Iokinen laguntza izan nuen» zioen txantxikuarrak.

 

Arbelarreko txabolan amaitu zen Alonsoren Zegama Aizkorri. «Garbi neukan bertan geldituko nintzela. Lagun bat zai neukalako eta Gurutze Gorrikoak ere bertan zeudelako. Orain sustoa pasa denean, eskerrak eman nahi dizkiet igandean laguntza eskaini zidaten guztiei» zioen.

 

Ikasgai bikaina

Sustoa pasata, nahiko ondo errekuratu dela adierazi zuen atzo Alonsok Oñati Irratian. Igandekoa ikasgai bikaina izan omen zen berarentzat, gainera. «Beste behin naturak eta mendiak gure lekuan utzi gaitu. Era honetako egoera batetaik asko ikasten da eta batez ere, mendiari errespetua izan behar diogula ikasi dut» zioen.

 

Erabat errekuperatuta,  ekainak 5ean Izaban jokatuko den Camile Extreme lasterketari begira dago Alonso. Hori izango baita oñatiarraren hurrengo helburu nagusia. Atzoko elkarrizketa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Alonso, igandeko lasterketako une batean. Argazkia: Aritz Gordo.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.