Mendia

Mendia
2016-04-28 18:19:05
EKITALDI GUZTIAK EGIN DITU ETA IGANDEAN ERE, IRTEERAN IZANGO DA OÑATIARRA
Mikel Madinagoitia: «Aloñako igoera oso berezia da niretzat»

24 ordu eskas gelditzen dira Aloñako Igoeraren XII. ekitaldia martxan jartzeko. Buetraitzeko igoera bertikalak zabalduko du bihar iluntzean (22:00) egitaraua eta igande eguerdira bitartean, mendi lasterketa giroan murgilduko da Oñatiko herria. Lasterketa linealean abiatuko diren 318 korrikalarietatik 91, txantxikuarrak izango dira.

 

Inoizko herritar kopuru handiena bilduko du igande goizean Aloñako Igoerak. Izena eman duten guztien artean, ia herenak (91) oñatiarrak izango dira. Horietako bat da Mikel Madinagoitia orain arteko ekitaldi guztiak egin dituen herritarretako bat. Iban Guridi eta Madinagoitia bera dira orain arteko ekitaldi guztiak egin dituzten txantxikuarrak eta azken orduko ezustekorik ezean, biak igandeko irteera lerroan ikusiko ditgu.

 

Madinagoitiak, Oñati Irratian hitz egin zuen atzo eguerdian eta besteak beste, igandea iristeko irrikitan dagoela onartu zuen: «Egin beharreko lanak eginda daude. Ea igandea azkar iristen den eta beste urtebetez, ekitaldi bat gehiago burutzeko, eta batez ere, gozatzeko aukera dudan».

 

Kasu berezia

Aloñako Igoerako ekitaldi guztiak egin baditu ere, Madinagoitia korrikalari berezia da. Beste lasterkariekin alderatuz, urtean Aloñako Igoera soilik egiten baitu: «Normalean Aloñako Igoera bakarrik egiten dut. Urteren batean beste lasterketa bat egin izan dut baina ez da ohikoa. Aloñakoa egitearekin konformatzen naiz» zioen.

 

Elkarrizketan zehar probaren bilakaera nola ikusi duen, bere helburuak zeintzuk diren eta orokorrean, probari buruzko hainbat kontu interesgarri azaldu zituen Oñatiko korrikalariak. Noiz arte jarraituko duen galdetuta, gorputzak gelditzeko esaten dion bitartean aurrera jarraitzeko asmoz dagoela onartu zuen: «Zerbait esateagatik, 15 jarraian egitea gustatuko litzaidake baina ez nau gai honek arduratzen. Gorputzak eskatzen didan bitartean, eta  betiere gozatzen jarraitzen dudan bitartean, hemen izango naiz beti».

 

Mikel Madinagoitiaren elkarrizketa osoa entzuteko sakatu beheko podcastean:

 

 

Egitarau oparoa

Duela bi urte egin zuten bideari jarraituz, asteburu osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Bihar gaueko 22:00 hasiko da lehia Buetraitzeko igoera bertikalarekin. 80 lasterkari izango dira irteera lerroan eta horien artean 15, oñatiarrak dira. Iñigo Lariz eta Aitziber Ibarbia izango dira kasu honetan erreferentzia nagusiak. Aipatu lasterketa berotzeko, 19:00etan trikitilariez girotutako pintxopotea egingo dutela Arantzazun. Igandeko proban arituko diren korrikalariek gainera, dorsala jasotzeko aukera izango dute Arantzazun bertan.

 

Igandeko lasterketa lineala, azken bi urteetako zirkuitu luzean burutuko da. 9:00etan plazan abiatu eta 21,6 kilometro eta ia 2000 metroko gora-behera pilatu ondoren, Foruen Enparantzan bertan amaituko da. Aspaldidanik dorsalak agortuta daude eta gertutik jarraitu beharreko korrikalarien artean, apostuek bi korrikalari nabarmentzen dituzte. Alde batetik, lasterketa hau lau aldiz irabazi duen Walter Bezerra eta bestetik, Iban Letamendi oñatiarra. Azken hau sasoi puntu bikainean iritsiko da lasterketara eta herritar batek inoiz lortu ez duen balentria lortzea izango da bere erronka nagusia; proba irabaztea, alegia.

 

Emakumezkoetan berriz, Nere Amilibia da faborito nagusia. Zirkuitu zaharrean bi aldiz irabazi zuen lasterketa aiarrak eta oraingoan ibilbidea luzeagoa bada ere, proba garaitzeko izen nagusietako bat izango da korrikalari beteranoa.

 

Ekintza osagarriak

Bi lasterketez gain, probari lotutako hainbat ekintza paralelo iragarri ditu antolakuntzak. Larunbat goizean 8:00etan, Aloñako igoerako ibilbidea ezagutzeko martxa egongo da eta 18:00etan, kiroldegian, Danilo Barzio italiarrak (K-STRECH hamakaren sortzailea), luzaketak egiteko hamaka berezi honi buruzko hitzaldia emango du. Doan izango da. Igande goizean azkenik, 10:00etan hasita, Aloña Txiki-trail haurrendako lasterketa egongo da plazan.

Mikel Madinagoitia oñatiarrak ekitaldi guztiak egin ditu.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.