Eskubaloia

Eskubaloia
2016-04-28 07:45:42
3. AMAITU DU EUSKAL LIGAKO ESTREINEKO DENBORALDIA IZARRAITZ ALOÑAK
Gizonezkoen eskubaloi taldea, gorenera itzuli da

14 urte pasa dira Aloña Mendiko gizonezkoen talde nagusiak Lehen Maila Nazionalerako igoera lortu zuenetik. Hamarkada luze honetan, gazitik, gozotik baino gehiago izan du mutilen eskubaloiak Oñatin. Urte zailak izan dira. Baina burua galdu gabe, pazientzia handiarekin eta batez ere harrobian egindako lan bikainari esker, herriak berriz ere erreferente bat topatu du gizonezkoen talde nagusian. Iazko denboraldian Euskal Ligara igo ostean, aurreikuspen guztiak gainditu eta hirugarren postuan amaitu du liga Aitor Aranbururen taldeak.

 

Eskubaloi saileko baikorrenek ere ez zuten aurtengo denboraldian bizi izan duguna aurreikusiko. Bi urtez Euskal Ligarako igoera bilatzen ibili ostean, pasaden urteko maiatzean lortu zuen Izarraitz Aloña Mendik ametsa egi bihurtzea. Hori horrela, kategoria mantentzeko helburuarekin soilik hasi zuten ikasturte berria Aitor Aranbururen mutilek, baina kantxan emandako maila ikusirik, jaitsiera saihesteko baino dexente talde hobeagoa duela erakutsi du talde gorritxoak.

 

Liga amaitu berritan, txapela kentzeko zenbakiak pilatu ditu Izarraitz Aloña Mendik. 26 jardunalditan, 18 garaipen, berdinketa bat eta 7 partida baino ez ditu galdu urte guztian zehar. Errendimendu ikusgarri honi esker, hirugarren postuan amaitu du denboraldia Aranbururen taldeak eta Lehen Mailarako fasea jokatzeko baimena ematen zuten lehen bi postuak, eskura izan ditu ikasturteko zati handi batean.

 

Talde orekatua

Errendimendu ikusgarri honen sekretua non egon den galdetuta, jokalariek garbi daukate erantzuna: «Eskubaloi talde baten aurretik, lagun talde itzela gara. Jokatzen eta lehiatzen gozatu egiten dugu eta bakoitzak oso ondo betetzen du bere rola». 755 gol sartuta (bataz beste, 29 partidoko), ligako talde onena izan da zentzu horretan Izarraitz Aloña Mendi.

 

Erasoan baliabide sorta amaigabea dituela erakutsi badu ere, kalitate saltoa emateko defentsako lana hobetu beharra dagoela onartu zuen astelehenean Aranburu entrenatzaileak: «Ez daukagu defentsa txarra -ligako seigarren onena-, baina aurreko biekin egon ahal izateko hor falta izan zaigu estutzea. Aurrera begira, gure erronka nagusietako bat defentsako lana hobetzea izango da» zioen prestatzaileak.

 

Otsaileko gainbehera

Denboraldia zoragarria izan da. Hala ere, iraupen luzeko txapelketetan askotan gertatzen den bezala, talde guztiek izaten dituzte gora-beherak eta Aloñaren bestelako ametsak, otsaileko hilean amaitu ziren. Lau aste horietan, eta martxoko lehen partiduan jokatu zituzten bost partidetatik, lau galdu egin ziren eta hein handi batean gainbehera horrek hurrundu zuen taldea sailkapeneko lehen bi postuetatik -igoera fasea jokatzeko postuetatik-.

 

Hala ere, azken hile eta erdian egoerari itzulia eman eta dinamika oso onean amaitu du denboraldia talde txantxikuarrak. Asteburu honetatik aurrera, Kopa txapelketa hasiko da Aranbururen mutilentzat baina taldeko ordezkariek Oñati Irratian baieztatu zutenez, hau bestelako txapelketa izango da: «Lehen taldeko jokalari batzuk minutu asko pilatu dituzte eta hauei atseden gahiiago eman nahi diegu Kopan. Ligan gutxien jokatu dutenek eta gazte mailatik igoko diren jokalariak izango dira orain protagonista» onartu zuen Aranburuk.

 

Taldeko ordezkariak Oñati Irratian

Igandean Basaurin denboraldia amaitu berritan, Oñati Irratiko kirol tarte nagusitik pasa ziren taldeko lau ordezkari astelehen arratsaldean. Urtean bizi izan dituzten hainbat momentu gogora ekartzeaz gain, denboraldiko balantze bat ere egin zuten protagonistek. Aitor Aranburu, Jokin Ugarte, Ander Varela eta Andoni Bernalekin osaturiko solasaldia entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Aloña Mendiko jokalariak, ligako azken partiduan.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.