Txirrindularitza

Txirrindularitza
2016-04-18 10:12:08
ANTZUOLAN, UZARRAGAKO IGOERAN ESKURATU ZUEN LARUNBAT ARRATSALDEAN
Denboraldiko bigarren garaipena Xabier Murgiondorentzat

Uzarragako Igoeran iritsi da denboraldiko bigarren garaipena Ulma-Aloña Mendiko ziklistentzat. Beste behin, Xabier Murgiondo izan da protagonista nagusia eta Antzuolakoarekin, dagoeneko bi txapel eskuratu ditu azken hamabost egunetan. Eguneko azken mendatea igotzen hasi aurretik ihes egindako tropeletik salto egin, eta bakar-bakarrik iritsi zen Uzarraga gainean kokaturiko helmuga puntura.

 

Sasoi puntu bikainean dago gazte mailako Xabier Murgiondo txirrindularia. Larunbat arratsaldean denboraldiko bigarren garaipena eskuratu baitzuen Antzuolako Uzarragako Igoera entzutetsuan. Ulma-Aloña Mendi taldeko ziklistek lan taktiko bikaina egin zuten beste behin eta eguneko ihesaldian bi txirrindulari sartu ostean, Uzarragako azken maldetara iritsi aurretik erabaki zen lasterketa.

 

Talde oñatiarrak Murgiondo eta Mikel Arregi antzuolarra sartu zituen eguneko ihesaldi nagusian. 15 ziklista horiek osatzen zuten lasterketa burua eta Uzarragako maldak iritsi aurretik, jo zuen azken eraso erabakiorra Murgiondok. Arregirekin adostutako mugimendu honi esker, 30 segundutako aldea hartu zuen txantxikuarrak Uzarragako azken kilometro gogorrei aurre egiteko eta abantaila hori bikain kudeatu zuen helmugara iritsi bitartean.

 

Atzetik Murgiondo harrapatzen saiatu baziren ere, oñatiarra bakar-bakarrik iritsi zen helmugara. Etapak zituen 81 kilometroak 1:58:48 osatu zituen eta hamabi segundu atera zizkion bigarren sailkatua izan zen Iñigo Elosegui (1:59:00) Autonervion Renault taldeko ziklistari. Podiuma, Iturribero taldeko Eneko Martinezek (1:59:05) osatu zuen.

 

Taldeka bigarren

Aloña Mendiko taldeko beste ordezkariak ondorengo postuetan iritsi ziren: Mikel Arregi (12.), Ekaitz Txintxurreta (40.), Ander Gartzia (64.) eta Andoni Igartua (67.). Murgiondoren garaipenaz gain Oñatiko blokeak egindako lanari esker, taldeka bigarren postua eskuratu zuen Ulma-Aloña Mendik.

 

Zarautzen bigarren

Larunbateko garaipena dastatzeko astirk gabe, atzo arratsaldean, Zarautzen izan ziren Ulma-Aloña Mendiko gazte mailatxo txirrindulariak. 84 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten ziklistek eta beste behin, esku-eskura izan zuen garaipena Murgiondok.

 

Luken Carbayeda eta Eneko Martinezekin batera iritsi zen azken sprintera eta oñatiarrak, azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Emaitza honekin itxiera bikaina eman dio Murgiondok asteburuari. Aipatu Ulma-Aloña Mendik, beste behin taldekako sailkapena irabazi zuela Zarautzeko lasterketan.

Murgiondo Uzarragako podiumean, garaipena ospatzen. Argazkiak: Mari Mar Teran.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.