Besteak

Besteak
2015-11-27 13:14:25
BENITO LERTXUNDIREN KONTZERTUA IZANGO DA
Zubikoako kantxa nagusia itxita egongo da hainbat egunez

Musikegunak programazioaren baitan, Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du bihar Zubikoa kiroldegian. Agertokiaren muntaketa eta garbiketan lanen ondorioz, kantxa nagusia ezin izango da erabili astelehen arratsaldera arte. Horrek hainbat aldaketa eragin ditu asteburuko kirol karteldegian.

 

Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du bihar iluntzean (22:00) Zubikoa kiroldegiko kantxa nagusian. Ikusmin handia piztu du kantari oriotarraren kontzertuak eta Txokolateixan aurrez salgai jarri ziren sarrera guztiak, aspaldi agortu ziren. 80 txartel gorde dira eta horiek, bihar 21:15etan jarriko dira salgai lehiatilan bertan. Salmenta mugatua izango da eta gehienez, lau sarrera erosi ahal izango dira pertsonako.

 

Kiroldegia jendez beteko dela agerikoa da eta okerrik ezean, 700 bat ikusle bilduko dira Zubikoako kantxa nagusian. Kontzertu honek baina, hainbat aldaketa sortu ditu asteburuko kirol karteldegian eta muntaketa eta garbiketa lanen ondorioz, astelehen arratsalderarte gutxienez, kantxa berdea ez da erabilgarri egongo.

 

Gaur goizean bertan hasi dira brigadako langileak agertokia muntatzen eta garbiketa guztiak bide onetik badoaz, astelehen goizean amaituko dira. Honenbestez, asteburuko partidu eta bestelako txapelketa guztiak, kantxa urdinean jokatuko dira. Aloña Mendik daukan talde kopurua kontutan hartuz, bihar eta etzi kiroldegia normalean baino beranduago itxiko da gainera.

 

Erabiltzaileak kezkatuta

Asteburuko kirol karteldegia nahiko baldintzatuta geldituko dela kontutan hartuta, OK Magazineak kantxa nagusia erabiltzen duten hainbat kirolarirekin hitz egiteko aukera izan du eta orokorrean, kezkati azaldu dira gehienak: «Era honetako kontzertuak oso ondo daude. Herriarentzat aberasgarriak dira, baina kiroldegiko erabiltzaile garenoi, batez ere maila federatuan gabiltzenoi kalte dexente eragiten digute. Ostiraleko entrenamendua ezin egin, partidak lekuz edo egunez aldatu behar...zoramena izaten da» diote.

 

Kontutan hartu behar da, asteburuko kontzertuak ia lau egunez hartuko duela kantxa nagusia eta bazkideei, eskola kirolari eta batez ere, federatu mailan aritzen diren eskubaloi, saskibaloi eta areto futboleko lagunei, kalte dexente eragiten diela.

 

Urtean zehar, sei ekintza inguru izaten dira kantxa berdean (kontzertuak, jaialdiak, herri bazkaria, asanbladak...) eta asteburu horietan aldaketa dexente egin behar izaten dira kirol programazioan. Eztabaida sortu dezakeen gaia dela ikusirik, kirol eragileek «kiroldegian kirolak lehentasuna» izan beharko lukeela defendatu nahi dute.

Agertokiko muntaketa lanak gaur goizean hasi dira.

iritziak

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.