Duatloia

Duatloia
2018-02-16 12:15:05
3 ASTEREN FALTAN TRAFIKOREN BAIMENA JASO GABE ZEUKATEN
Bertan behera gelditu da Oñatiko Duatloia

Aloña Mendi Triatloi taldeak orain minutu gutxi jakinarazi berri duenez, aurten ez da Oñatiko Duatloirik egingo. Trafiko baimenak lortzeko oztopo ugari izaten ari ziren azken urteetan eta aurtengorako hiru aste besterik gelditzen ez zirela ikusita, bertan behera uztea erabaki dute.

 

«Oso erabaki zaila izan da, baina ezin genuen soka gehiago tenkatu» onartu berri digute antolatzaileek. Euskal zirkuituko proba garrantzitsuenetako batek -1991az geroztik, urtero egin da-, ez du jarraipenik izango aurtengo denboraldian. Horixe da, orain minutu gutxi Aloña Mendi Triatloi taldeak ohar bidez jakinarazi berri duen albistea:

 

"Lehenik eta behin bihotzez barkamena eskatu nahi dizuegu hartutako erabakiak sortu ditzakeen eragozpenengatik. Ez genuen inolaz ere puntu honetara iristerik nahi ez eta espero ere. 26 urte daramazkigu jarraian Oñatiko duatloia antolatzen. Froga xume bezala hasi zena, orain dela 5-6 urte Oñatiko herritarrei esker eta parte hartu zuten kirolarien harrerari esker jaso zuen gorengo maila. 2011 eta 2012 urtetan 400 parte hartzailetik gora elkartu zirelarik herriko plazan.

 

Azkenengo urteetan ordea, geroz eta zailtasun gehiago batu zaizkigu antolakuntzari dagokionean. Duatloirako data bat zehaztea urtetik urtera zaildu egin zaigu. Iaz larunbat arratsaldetik igande goizera aldatu eta froga baino 3 aste lehenago konfirmatu ahal izan genuen data. Horren denbora gutxirekin besteak beste froga honek behar dituen 80 bolondres baino gehiago lortu behar izan genituen, beste hainbat lan eta ardura aurrera ateratzearekin batera.

 

Hori gutxi balitz, trafikoko arau berriak indarrean jarri zirenetik arazoak izan ditugu zirkuituak zehazteko orduan. Iazkoan trafiko aldetik gure frogak balorazio negatiboa jaso zuen eta horren ondorioz, aurtengo ediziorako duatloia igande arratsaldera aldatzea behartuta ikusi ginen baimena lortu asmoz. Aldaketa hau guretzako ere ez da batere erosoa izan, izan ere, larunbat goizean duatloi txikia antolatuko baitugu eta plaza guztia muntatu ondoren, berriro dena kendu eta igandean lan berdina egiteko prest zegoen gure taldea. Parte hartzailearendako ere ez zen aukerarik onena eta aukera honek bere arriskuak zituen arren, froga Aurrera ateratzeko apustua egin genuen hasiera batean. Hala eta guztiz ere, Oñatiko XXVII. Duatloia ospatzeko 3 aste falta diren honetan oraindik ez dugu baimenik jaso eta pena handiz duatloi nagusiaren antolakuntza bertan behera uztera behartuta ikusi gara. Martxoaren 10, larunbat goizean izango den duatloi txikiarekin aurrera jarraituko dugu.

 

Gurea bezalako froga bat ondo antolatzeko gutxienez 2 hilabeteko aurrerapenarekin baimena jaso eta data ondo lotuta izan beharko genukeela pentsatzen dugu. Horrela guk denboraz kontu guztiak aurreikusi eta ondo lotzeaz gain, kirolariek ere gure froga beraien agendan kontutan hartu dezaten. Hori horrela izan dadin gu autokritika egiteko prest gaude baina, kirol modalitate desberdinetako federazioen, trafikoko arduradunen eta antolakuntzan parte hartzen dugun gainontzeko agente desberdinen inplikazioa nahiko genuke gauzak modu eraginkor batean hobetu ahal izateko. Hausnarketa bat egin beharra ikusten dugu guztion partetik.

 

Datorren urtean aurtengoan ospatuko ez den Oñatiko 27. duatloia berriro aurrera eramaten saiatuko gara. Tamalez, hori gertatu dadin gure borondatea baino zerbait gehiagoren beharra ikusten dugu. Laister Oñatiko plaza berriro zuen bizikletaz josita ikusiko dugulakoan agurtzen gara.

 

Bien bitartean Euskal Herriko gainontzeko frogetan ikusiko dugu elkar".


Aloña Mendi K.E.

Triatloi Taldea

 

Antolatzaileen adierazpenak

Albistea jaso ahalaz bat, OK Magazineak antolakuntza taldeko kideengana jo nahi izan du. Andoni Correasek, erabaki gogor honen zergatiak azaldu dizkigu. Era berean, martxoaren 10ean, gaztetxoentzako Duatloi txikia egingo dutela ere, baieztatu digu. Ondorengo podcastean entzun dezakezue Correasekin egindako elkarrizketa:

 

26 urteren ostean, aurten ez da Duatloirik egingo Oñatin. Argazkia: Felix Sanchez.

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.