Txirrindularitza

Txirrindularitza
2018-01-11 15:04:09
KONTINENTAL PROFESIONAL MAILAN ESTREINATUKO DA EUSKADI-MURIAS TALDEA
Jon Odriozola: «Euskal talde bat berriz ere World Tourreko probetan ikustea, izugarri polita izango da»

Euskadi-Murias taldeak, ilusioz beteriko denboraldi berria estreinatuko du aurten. Kontinental mailan etorkizuneko oinarriak ondo finkatu ostean, proiektuaren laugarren urte honetan, jauzi garrantzitsua emango du. Aurrerantzean Kontinental Profesional mailan lehiatuko baitira. Eta besteak beste, World Tour probetara itzuliko da Odriozolaren taldea. Denboraldian zehar izango dituzten helburuetaz hitz egin dugu zuzendari txantxikuarrarekin.

 

Bost urte -lau denboraldi- igaro dira Euskaltel Euskadi txirrindularitzaren maila gorenetik desagertu zenetik. Ordutik gaurdainoko bidea oso gogorra izan da Euskal txirrindularitzarentzat. Hainbat urtez esne-mamitan aritu ondoren, oinarri oinarritik lana egitea egokitu zaie arduradunei. Lan horietan aritu da azken urteotan Jon Odriozola oñatiarra eta harrobian lana gogotik egin ostean, aspaldian bilatzen zebilen ametsa errealitate bihurtuko du aurten. «Duela gutxi ezinezkoa zirudiena lortu dugu. Euskal talde bat berriz ere World Tourreko probetan ikustea, izugarri polita izango da» dio.

 

Hala ere, lanik ez zaio falta Odriozola eta konpainiari. Taldea Benidormen kontzentratuta dago uneotan eta denboraldi aurreko detaile guztiak prestatzen harrapatu dugu. «Goizean goiz esnatzen gara eta afal ostera arte, gelditzeko astirik ere ez dugu izaten» gaineratu du. Argazkiak, bideoak, jantzi berrien aprobak, test-ak, egutegi osaketak, hitzaldiak...era guztietako lanak dituzte eskuartean.

 

Urte berezia

Euskadi-Murias taldea asko hazi da aurten. 14 txirrindulari izatetik, 20ra pasako da eta hori gutxi balitz, emakumezkoen taldea ere batu da proiektura. Zentzu guztietan euskaldunen erreferente izan nahi du egitasmoak. «60 bat profesionaleko lan-talde bat gara aurten, pentsa noraino hasi garen» dio.

 

Kirol arloan, egutegi oso aberatsa lortu dute sasoi berrirako. Katalunian, Itzulian, Vueltan edota Donostiako Klasikoan aritzeko aukera izatea sekulakoa dela dio. «Voltan edota Euskal Herriko itzulian egoteak gauza asko emango dizkigu. Oso ondo prestatu nahi dugu urtea eta gero errepideak jarriko gaitu gure lekuan. Baina gauza politak egiteko ziklkistak ditugu».

 

Estreinurako egun gutxiren faltan, Euskadi-Murias taldeko zuzendariak taldeak izango dituen helburuetaz garbi hitz egin digu. «Esperientziadun txirrindulariak eta etorkizun oso ona izan dezaketen ziklisten arteko plantilla orekatua osatu dugu eta egia esan, oso baikorra naiz».

 

Zuzendari txantxikuarrarekin egindako elkarrizketa osoa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Ikasturte berria prestatzen ari da uneotan, Jon Odriozola. Argazkia: Euskadi Murias.

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.