Pilota

Pilota
2017-12-22 14:07:04
TXAPELKETAREN HISTORIAN FINALERA IRITSI DEN LEHEN OÑATIARRA DA
Bankoa-DV txapelketako finala jokatuko du gaur Markel Gartziak

Bergarako taldean jokatzen ari den Markel Gartzia pilotari oñatiarrak, hitzordu garrantzitsua dauka gaur arratsaldean. 17:30etatik aurrera, Credit Agricole - El Diario Vasco txapelketa ospetsuko promesa mailako finala jokatuko baitu Oscar Larena errioxarrarekin batera. Duela minutu gutxi, Oñati Irratiko kirolen txokoan elkarrizketatu berri dute.

 

Aloña Mendiko pilota sailaren urrezko ezteien ospakizunak amaitu berritan, herriko beste pilotari gazte batek, Markel Gartziak, Bankoa Credit Agricole - El Diario Vasco txapelketako promesa mailako finala jokatuko du arratsaldean. Zumarragako Beloki pilotalekuan izango da hitzordua 17:30etan, eta Oscar Lerena errioxarrarekin bikotea osatuz, Agirremailloa-Oliden bikotea izango dute aurkari.

 

Afizionatu mailan dagoen txapelketarik garrantzitsuenetakoa da hau, eta erakusleiho polita, zalantzarik gabe. Guztira 32 bikotek parte hartu dute txapelketan. Erdiak promesa mailan eta beste guztiak, kategoria nagusian. Hori horrela, promesa kategorian, multzoburu bezela sartu zen Gartzia txapelketan eta final laurdenak Idiazabalen irabazi ostean, pasaden asteburuan lortu zuen finalerako txartela Zarautzen. Uribe-Azpitarte bikotea, 22-13 emaitzaz menperatu zuten Lerena eta Gartziak.

 

Betirako gordeko duen eguna

Oihartzun handiko txapelketa izanik, berezia izango litzateke txapela jaztea. «Partidu oso zaila izango da. Baina ondo jokatzen badugu, aukerak izango ditugu» onartu berri du Gartziak, Oñati Irratian eskaini duen elkarrizketan. Era berean, gaurkoa egun oso berezia izango dela aitortu du Oñatiko pilotariak irratsaioan: «Urte amaiera oso zaila izan da etxekoentzat. Aitak istripu oso larria izan zuen orain bi hilabete eta gaur irten da ospitaletik. Beragatik irabazi nahi dut» esan du.

 

Eta aita bera, eta beste lagun asko, Zumarragan izango dira gaur Markel zuzenean ikusteko. Duela egun batzuetatik sarrera guztiak agortuta daude eta orotara 700 pertsona elkartuko dira Zumarragako pilotalekuan.

 

Irabazi edo ez, dagoeneko historia egin du Markelek. Izan ere, txapelketa garrantzitsu honen ibilbide luzean, finalera iritsi den lehen herritarra baita. Ea ba txapela jazteko aukera duen eta oraindik eta balentria handiagoa idazterik daukagun.

 

Hemen duela minutu gutxi Oñati Irratian eskaini duen elkarrizketa:

 

Gartzia prest, arratsaldeko hitzordu nagusirako.

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.