Automobilismoa

Automobilismoa
2017-10-26 10:49:25
ISTRIPU IKUSGARRIA IZAN ZUEN MONIKA MUÑOZEK JAIZKIBELEN
Monika Muñoz: «Istripu handia izan da, baina lehiara itzultzeko gogoz nago»

Monika Muñoz pilotu oñatiarrak istripu ikusgarria izan zuen pasaden irailaren 24an Jaizkibelen. Bihurgune batean behar baino azkarrago sartu, eta 130 km/h abiaduran zihoala, autoaren kontrola galdu zuen. Kotxea txikituta gelditu zitzaion baina zorionez, berak ez du ondorio larririk jasan. Hilabete pasa denean, Jaizkibelen bizi izandako esperientzia azaltzera joan zen atzo Muñoz, Oñati Irratiko kirolen txokora.

 

Itxura eta aurpegi onarekin, baina istripuak utzitako arrasto txikiak erabat osatu gabe agertu zen atzo Monika Muñoz Oñati Irratian. «Izan zitekeenerako oso ondo nago. Arazo txiki batzuk baditut oraindik, baina garrantzia handirik ez daukate zorionez» onartu zuen. Oñatiko herria Kilometroak jaia ospatzen ari zela, Muñozek bere kirol ibilbideko momenturik gogorrena igaro zuen Jaizkibeleko igoeran.

 

«Hasieratik igerri nuen autoa ez zihoala ondo. Gurpilak hotzak zeuden, eta konfindantza askorik gabe, eta oso azkar sartu nintzan bihurgunean, eta konturatu orduko, kotxearen kontrola galduta neukan» onartu zuen. Istripua oso ikusgarria izan zen, baina pilotu oñatiarrak ez zuen arrisku sentsaziorik izan: «Segurtasun neurri handiak hartzen ditugu eta auto barruan ez nuen aparteko mugimendurik igerri» zioen. Ondo egonik ere, segurtasun protokoloen arautegiari jarraituz, sendagileek atera zuten txantxikuarra auto barrutik. Ospitalean azterketa egin ostean, ordu gutxitara itzuli zen lasterketara Monika. Hori bai, kasu honetan, ikusle moduan.

 

+ Istripuaren bideoa

 

Sorpresa ugari

Aste hauetan ehundaka mezu jaso ditu Muñozek. «Harrigarria izan da. Ez nuen espero. Emakume pilotuak oso gutxi gara eta lasterketak ez uzteko eskatu didate zaletu askok». Euskadiko Automobilismo federazioko segurtasun buruak ere, parte hartu zuen atzoko elkarrizketan. Eduardo Maturanak kasu hauetan nola jokatzen duten azaldu zuen eta besteak beste, Monika Muñoz hunkituta utzi zuen. Izan ere, datorren urtean Jaizkibelen lehiatzeko inskrpzioa oparitu zion. Gogoratu beharra dago duela urte batzuk, bihurgune berean, beste istripu txikiago bat izan zuela txantxikuarrak. Hori horrela, Jaizkibel ez da Monikaren proba kuttunena, zoritxarrez.

 

Maturanaren ezustekoaz gain, azken egunetan beste opari eder bat jaso duela jakinarazi zuen pilotuak elkarrizketan zehar: «Istripu ondorengo egunean, ezagutzen ez nuen pertsona bat nirekin jarri zen harremanetan Facebook bidez eta bere autoa oparitzen zidala esan zidan». Dagoeneko, auto berri hori Oñatin dauka Muñozek. «Orain ondo prestatu behar dugu kotxe berria eta denbora eta diru dexente beharko dugu» zioen.

 

Elkarrizketan zehar, egun horretan Jaizkibelen lehiatzen ari zen Xabier Elgarresta herritarraren ikuspuntua ere jaso zuten. Monika Muñozek atzo Oñati Irratian eskaini zuen elkarrizketa osoa entzun nahi izatera, sakatu beheko podcastean:

 

Horrela gelditu zen Muñoz-en autoa. Argazkiak: @imurofaca

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.