Eskubaloia

Eskubaloia
2017-10-19 09:11:41
ALDAKETA ASKOREKIN HASI DU DENBORALDIA NESKEN TALDE NAGUSIAK
Nerea Moreno: «Jokalariak oso konprometituta ikusten ditut»

Senior emakumezkoen denboraldi hasiera ez da batere ona izan. Jokatu dituzten bi partiduak galduta, sailkapeneko azken postuan dira oñatiarrak. Hala ere, ez dago larritzeko motiborik. Liga hasi besterik ez da egin eta. Taldeak aldaketa ugari izan ditu eta egokitze fasean egonik, mezu baikorra zabaldu nahi izan zuen atzo, Nerea Moreno entrenatzaileak. Oñati Irratian jakinarazi zuenez, ilusioz eta gogo handiz hasi du erronka berri hau.

 

Gaztea da oso, Nerea Moreno (Oñati, 1991). Hala ere, ibilbide handia egin du eskubaloian. Jokalari bezela oso gazterik hasi zen Aloñan eta kategoria guztietatik pasata, zortzi urte eman ditu lehen taldeko jokalari gisa. Jokatzea oso gustoko izanik ere, entrenatzaile bokazioa aspaldi jaio zitzaion txantxikuarrari.

 

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan (SHEE) graduatua, bi urte daramatza irakasle lanetan, baina formatzaile bezala daukan kurrikuluma, are zabalagoa da. Aloña eta Gasteizeko Eharialdeako harrobiko hainbat talde gidatu ditu azken urteetan eta hori gutxi balitz, kadete mailako Euskal Selekzioekin ere, hiru urteko esperientzia pilatu du. Kantxako praktika horiek, nazional mailako entrenatzaile tituluarekin borobildu berri ditu gainera.

 

Hori horrela, Perun kooperante zegoela iritsi zitzaion lehen taldea entrenatzeko eskaintza Morenori: «Beka bat lortu nuen hiru hilabetez Perura irakasle bezala joateko eta abuztuan, bertan nengoela jaso nuen eskaintza» adierazi zuen atzo Oñati Irratian. Proposamena onartuta, iraila amaieran batu zen taldera Moreno. «Ioritz Agirianok laguntzen dit erronka berri honetan eta ni kanpoan nengoenez, berak gidatu zuen aurredenboraldia» gaineratu zuen.

 

Aldaketa ugari

Taldearen ezaugarriei buruz galdetuta, aldaketa ugari izan direla onartu zuen Morenok: «Gazte mailatik hainbat jokalari igo dira lehen taldera eta bestalde, eskubaloia utzita zeukaten beste hiru ere itzuli dira. Plantilla erdia baino gehiago berria da».

 

Iaz azken jardunaldian lortu zuen salbazioa Aloñak eta aurten, marka hori hobetu nahiko luke entrenatzaileak: «Lehen helburua, maila mantentzea izango da. Hala ere, jokalariak oso konprometituta ikusten ditut eta liga hasiera uste baino okerragoa izan bada ere, gorago egoteko plantilla daukagula iruditzen zait» zioen.

 

Elkarrizketan zehar, taldearen erradiografia sakona egin zuen entrenatzaileak. Hemen daukazue solasaldi guztia entzungai:

 

Morenok gidatuko du aurten, emakumezkoen talde nagusia.

comentarios

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

opinion

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publicidad

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.