Sedentarismoak hiltzen du; hortaz, ez mugitzeak hilko zaitu. Eta hori gertatuko zaizu ariketa fisikoa egitea gura ala ez, gustatu ala ez; zuri ere berdin-berdin joko zaitu.
Munduko Osasunaren Erakundearen (MOE) arabera, fisikoki aktiboa ez izatea da hilkortasun arrisku faktoreetan 4.a. Adibidez, loditasunaren gainetik. Eta hiltzen ez bazaitu ere, baditu hainbat ondorio geldi egoteak; izan ere, arduraduna da bularreko eta koloneko minbizien %25ena, diabetesaren %27arena, eta bihotzeko hainbat gaitzen %30ena.
Hortaz, nahi ala ez, laket izan ala ez: ez erabili igogailua; autoa behar-beharrezkoa denean erabili, eta ahal izanez gero, urrunxeago aparkatu ondoren helmugara oinez joateko; telefonoari zutik erantzun; afalostean itzali telebista eta eman bueltatxo bat…
Izan, ahal duzun neurri handienean, aktibo. Gura ala ez. Gustatu ala ez.
Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil.