Hori da herenegun, domeka, Bilbao-Bilbao klasika zikloturistako anoa puntuan bi gizonezkoei entzundakoa. Harrituta zeuden 115 kilometroko proban zegoen emakume kopuruaz. 8.123 zikloturista irten ginen Iberdrola dorrearen alboan zegoen irteera puntutik. Eta, egia da, asko eta asko emakumeak ginen. Kopuru zehatza ez dakit, baina, kopuru polita bai.
Harrituta zeuden kopuruarekin, eta, baita emakumeek erakutsitako mailarekin. "Asko dira eta maila onean gainera. Itxura ona daukate guztiek", erantzun zion besteak. Eta, segituan, niri begira geratu ziren. "Nongotarra zara?", galdetu zuen batek. "Oñatiarra", erantzun nion nik. "Zu ere maila onean ibiliko zara ba, bestela ez zinen hemen egongo", gaineratu zuen. Eta nik, gorri-gorri, anoa-poltsa hartu eta aurrera egin nuen.
Oso erabilia da emakumeak kirolean aurrerapausoak eman ditugula esatea. Apurka-apurka bagoazela bi sexuen arteko ezberdintasunak apurtzen. Baina, atzoko komentarioen ostean, garbi daukat, oraindik ere, aldarrikapen hori egiten jarraitu behar dugula.
Asko gara emakume kirolariak. Nork bere maila erakusten duena. Batzuk era profesionalean, eta, beste asko, gehienak, modu apalago batean.