iritzia

Xabier Infante
2016-10-24
Oñatiko kirol instalazioak

Oñatiko kirol instalazioen gaia herritar askoren ahotan dabil bolo-bolo, azkenaldian. Iraileko Kontzejupetik aldizkarian eta beste komunikabide batzuetan ere, udalak eskuartean dituen aurreproiektu ezberdinak ikusi ditugu. Eta gai honen azken urratsa, larunbatean gaztelekuan egin zen bilera irekian eman zen.

 

Deialdi horretan Mikel Biain alkatea, Borja Moiua kirol zinegotzia, Oskar Carrascal kirol teknikaria, proiektua landu duten arkitektoak eta gaiarekiko interesa erakutsi duten norbanako edota klubetako ordezkariak egon ziren.

 

Nire uste apalean, herriko kirol instalazioen gaia estrategikoa da. Salbuespenak salbuespen (kantxa urdina edo Larrañako futbol zelaia), azken urte luzeetan arlo honetan egin den inbertsioa minimoa izan da. Hala ere, herriko kirolgune nagusiek dituzten urteak kontutan izanda, beraien egoera ez omen da horren txarra. Baina errealitatea gordetzea ere ez da egokiena. Azkoagain oso ikututa dago eta kiroldegiak 32 urte ditu. Iruditzen zait biek ala biek konponketa edo hausnarketa sakon baten beharra dutela.

 

Hala ere, bi instalazio hauek ez dira herriko kirolarien nahia bere osotasunean betetzen duten instalazio bakarrak eta horren harira, beste kirol batzuek dituzten beharrak ere sakonki aztertu beharko genituela iruditzen zait. Oso urruti joan gabe, herriko atletek urte asko daramatzate instalazio gabe baldintza oso desegokietan entrenatzen.

 

Gaztelerazko esamoldeak dioen moduan, "es hora de coger al toro por los cuernos". Udala bide hori hartu nahian dagoela iruditzen zait eta egin behar dena eginda, inbertsio handi baten aurrean egongo garela agerikoa da. Gastu hau egitekoa dela uste dut, baina betiere, gauzak ondo eginda eta zorpetze handi batean sartu gabe.

 

Ausartak izan behar dugu baina era berean, zuhurrak ere bai. Sortuko den talde eragile edo motorrak gai hauek guztiak kontutan hartu beharko ditu. Ausardiaz baina zuhurtziaz jokatuta, guztion artean irtenbide onena emango diogu instalazioen "arazo" honi.

aurreko iritziak

Iñigo Murgiondo
2017-06-26
Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iban Perez
2017-05-23
Primerakoak zarete
Aitor Guridi
2017-05-16
Hil edo bizikoa al da?
Xabier Infante
2017-05-09
Kirola eta teknologia
Aitor Biain
2017-04-26
Sekretua(k)
Iñigo Murgiondo
2017-04-10
Herriko futbol txapelketa dela-eta

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.