iritzia

Markel Irizar
2015-08-27
Laisekaren gomendioak

2003ko abendua. Nire aurreneko kontratu profesionala sinatu eta hilabete gutxira, Euskaltel Euskadi taldearekin egin nuen lehengo kontzentrazioan, Roberto Laisekaren ondoan afaltzea egokitu zitzaidan. Ezagutzen ez baduzu, Rober marmartia dela pentsa zenezake. Baina ezagutu nuenean, berehala jabetu nintzen gizon mehar horri, nekez kabitzen zitzaiola zeukan bihotz puska horren gorputz estuan.

 

Afaltzen ari ginela, nire kirol bizitzan askotan gogoratu ditudan hiru gomendio eman zizkidan. Eta ia 12 urte pasa diren honetan, oraindik orso gogoan ditut bere hitzak.

 

Aurreneko gomendioak honela zioen: izan zaitez "erraza" zuzendari, mekanikari, masaialari zein taldekideekin. Ez zaitez inoiz "kiskillosoa" izan. Ahalik eta gutxien protesta egin eta dagoen egoerara azkar saiatu egokitzen.

 

Bigarrenak: lehenbailehen bilatu zure tokia taldean. Izan zaitez ona zerbaitetan. Igotzen ez bazara, esprintean; esprintean ez bada, erlojupekotan; eta garailea ez bazara, besteen mesedetan lanean. Baina egin zerbait ondo!

 

Eta hirugarrena: ez xahutu inoiz dirua kotxe eta tontokerietan. Erosi etxe bat lehenbailehen eta txirrindularitzatik hipoteka gabe irtetzea lortzen baduzu, nahikoa txirrindulari kuriosoa izan zarela esan nahiko du. Eta bukatzeko matiz bat.  Aurreneko 2 gomendioak ondo betez gero 3. gomendioa bera bakarrik beteko da.

 

Robertoren hitz jakintsuak aintzat hartuta, azken egunotan, bere gomendioak praktikan jartzen saiatu naiz. Asteartean adibidez, taldeari txispa eta Bizipoza falta zitzaiola somatu nuen. Eta zuzendari eta taldekideen baimenarekin betiere, ihesaldi txoro baten sartu nintzen. Taldeko dinamika negatiboa hautsi eta batez ere, animoari bultzada bat emateko asmoz egin nuen saiakera.

 

Eta bestea gaurko etapan bertan izango da. 3 asteko itzuli handi batean, historian aurreneko aldiz, diskodun frenoak dituen bizikleta batekin irtengo naiz. Gaurko etapa era honetako bizikleta batekin egiteko proposamena egin zidatenean dudarik gabe "I am easy. Whatever you need, I am here to help you!" erantzun nien taldeko zuzendariei. Horrela bada eta bukatzen joateko,  bizikleta arraro batekin telebistan ikusten banauzue, jakizue erabaki hori hartu izanaren "errudunetako" bat, Laiseka bera edo bere gomendioak izan direla.

 

Txirrindularitzan ez ezik, orokorrean aplikatu daitezkeen gomendio horiei tinko eustiko diet nire egunerokoan. Izan erreza, protesta gutxi egin eta gozatu bizitzaz!

aurreko iritziak

Iñigo Murgiondo
2017-06-26
Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iban Perez
2017-05-23
Primerakoak zarete
Aitor Guridi
2017-05-16
Hil edo bizikoa al da?
Xabier Infante
2017-05-09
Kirola eta teknologia
Aitor Biain
2017-04-26
Sekretua(k)
Iñigo Murgiondo
2017-04-10
Herriko futbol txapelketa dela-eta

agenda

Bilera irekia
18.05.03
Pilota
Aloña Mendi taberna

iritzia

Uda honetan, baita ere, mugitu ala hil
Iñigo Murgiondo
2017-06-26
hileko bideoa

publizitatea

Facebook
Twitter
Tweets por el @OKMagazinea.