Blog

2013-03-24 19:19:15
Teknologia berriek lagundu baino, askotan kalte egiten digute
Komunikatzearen garrantzia

Bizi garen gizarteak, aukera anitz eskaintzen dizkigu lagun berriak egin eta jende ezberdina ezagutu ahal izateko. Egia esan, teknologia berriak baliatuz, distantziak asko murriztu dira eta fisikoki oso urrun egon daitekeen norbait, oso gertu somatu dezakegu klik soil bat eginaz. 

 

Bai bai, asmatu duzue. Gaur egungo, teknologia modernoetaz ari naiz hitz egiten. Facebook-a dela, Wasap-a dela, Skype-a dela... teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak agortezinak dira eta interesatzen zaizkigun pertsonekin gertu mantentzen gaituzte. Baina era berean, baliabide guzti hauek, gizakiok genituen komunikatzeko gaitasunak murriztu egin ditu. Orain, askoz hotzagoak gara, kosta egiten zaigu zuzeneko tratua mantentzea eta bakoitza bere mundu birtualean, mundu errealean baino dexente erosoago sentitzen dela esaten ausartuko nintzateke.

 

Nik mundu birtuala gustoko dut, agian batzuetan gehiegi erabiltzen dudala ere ohartzen naiz, baina oso garbi daukat zuzeneko tratua, tratu birtuala baino askoz garrantzitsuagoa dela. Nire lanak (bai diseinukoak baina bereziki, esatari lanak) jendearekin oso gertu egotea behartzen nau. Nabarmena da lan honek asko betetzen nauela eta esparru hau hobetze aldera, urte berrirako erronka berria jarri nuen. Esatari bezela, formakuntza jaso nahi nuen.

 

Horretarako Donostiako Udalak eta Foru Aldundiak, elkarlanean antolaturiko Kirol eta Aisialdi esatarientzako ikastaroan izena eman nuen. Iaztik begiz jota nuen ikastaroa zen, eta zoritxarrez iazko nire triatloi munduko erronkak denbora libre gutxi uzten zidanez, aurtengorako utzi behar izan nuen. Sekulako gogoa neukan, nire pasioa den esatariaren lanean, gauza berriak ikusi eta bereziki ikasteko.

 

Bi hilabete pasa ditut larunbatero Oñatitik Donostiarako bidea egiten eta egia esan, sekulako esperientzia aberasgarria izan da. Larunbatero bost orduz elkartu gara Anoetako kirol etxean eta batzuetan goizean goiz jaikitzea gogorra izan den arren, ikasteko neukan ilusioak alderdi guzti horiek bigarren plano batean utzi ditu.

 

Ilusioa eta profesionaltasun handia zuten maisuen jakintzaz jantzi gara eta hori gutxi balitz, ikasle egon garen guztion mailak eta aberastasunak harrituta utzi nau. Adin, perfil, formakuntza...ezberdineko jendearekin elkartu naiz, baina guztiok geneukan helburu berdina; komunikatzaile gisa teknika berriak ikasi eta gure egunerokoan praktikan jartzea. Nik uste lortu dugula. Orokorrean guztiok izan dugun eboluzioa azpimarratu nahiko nuke.

 

Eta nola lortu dugun, horren denbora gutxian (bi hilabeteetan) horrelako bilakaera izatea? Zuzeneko tratua mantentzen, arriskatzen, bata besteagaitik barre egiten, behatzen, norberak bere buruarengan konfidantza izaten, hanka sartzen...baina bereziki eboluzioaren errudun nagusia, gure artean mantendu dugun zuzeneko komunikazioa izan da. Ez wasap, ez facebook ez ezer!! Zuzeneko tratua, errespetua eta komunikazioa, hori izan da sekretua.

 

Ikastaroa amaitu izanak, sekulako pena ematen dit. Faltan botako ditut, nire ikaskide eta irakasle izan diren guztiak. Baina guzti horren gainetik, denbora tarte honetan, egin dugun harremanarekin eta erakutsi didaten guztiarekin gelditzen naiz. 

 

Esatari, aurkezle...izatearen gainetik pertsonen arteko komunikazioak daukan garrantziaz jabetu naiz ikastaro honetan. Gure bideak, nonbaiten elkartuko direlakoan, besarkada haundi bat friki talde guztiarentzat!

 

P.D.: Ezin ditut aipatu gabe utzi, zortzi aste hauetan, apopilo bezala beraien etxean hartu nauten Astigarragako bizilagunak. Eskerrik asko bihotz bihotzez!!